domingo, 8 de marzo de 2009

Aberri Egun bateratua ospatzeko deia egin dute, esparru politiko berri bat lortzeko indarrak metatzeko


Euskal Herriko zazpi herrialdeetako herritarrak bildu dira Nazio Eztabaida Guneko ordezkariekin, Aberri Eguneko ekitaldien berri emateko Donostian egin duten agerraldian.

Euskal Herria nazio bat da dela sinisten dutelako eta "geure buruaren jabe izateko eskubidea" aldarrikatzen dutelako batu dira alor eta pentsamendu desberdinetako eragileak Aberri Egun bateratua ospatzeko deia egiteko, eta "indar metaketa bultzatzea ezinbesteko" jotzen dute horretarako.

Euskal nazioaren "sendotasuna" munduaren aurrean agertzeko Aberri Egunak abertzaleentzat "ezinbesteko hitzordua" izan behar duela uste dute, eta horregatik apirilaren 12an "nazio bat garela ozen agertzeko" deia egin dute.

Maite Aristegik nabarmendu duenez, Euskal Herriak nazio gisa dituen beharretatik etorkizunari begiratu behar dio, eta "zazpiak batzeko eta askeak izateko bide komuna eraikitzea ezinbestekoa da".

Ildo horretan, herritar eta eragileei Euskal Herriaren burujabetzaren norabidean "aldaketa politiko sakonak erdiesteko indarrak metatzeko" deia egin dute Nazio Eztabaida Guneko ordezkariek.

"Indarrak meta ditzagun Euskal Herria nazio gisa aitortu, lurraldetasuna ardatz hartu eta erabakitzeko eskubidea gauzatzea ahalbidetuko duen esparru politiko berri bat lortzeko, non bakoitzak bere proiektu politikoa defendatu eta gauzatu ahal izateko aukera oro izango duen, non Euskal Herriak libreki nahi duena izateko mekanismo guztiak izango dituen", azaldu du Aristegik.

Finean, erronka "burujabetza osoa berreskuratzeko aukera zabalduko duen esparru politiko berri bat" lortzea dela nabarmendu eta Aberri Egunean "hori indartsu azaleratzea" beharrezko jo du.

Aberri Eguneko agiria

No hay comentarios: