martes, 24 de mayo de 2011

Euskal Herrian fase politiko berria ireki da

Lehenik eta behin, bart gauen egin genuen moduan, Bildu koalizioa zoriondu nahi dugu jaso dituen emaitza izugarriengatik. Era berean, azken asteetan Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan Bilduren proiektuaren alde mobilizatu eta lan egiten duten dozenaka milaka kagunak ere zoriondu nahi ditugu.

Ezker Abertzalearen iritziz, atzoko hauteskundeetan Bilduk lorturiko emaitzak herritarren garaipen bat dira; maiatzaren 5eko gauean Bilboko Areatzan eta Iruñeako udaletxe plazan forma hartzen hasi zen garaipena eta atzo koalizioak jasoriko ehunka milaka bozkekin beste etapa bat bete duena.

Udal, foru eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeen emaitzak Euskal Herrian beste fase politiko bat ireki denaren adierazle dira. Blokeo unionistaren garaia eta euskal jendartearen borondate politikoaren bortxaren garaia amaitu da.

Nahiz eta hamarnaka milaka pertsonok oraindik ere hautatuak izateko aukerarik ez eta eskubiderik ez dugun, atzoko emaitzek gure herriaren mapa erreala ikuskatzeko aukera ematen digutela deritzogu. Trukatu gabeko mapa bat.

Gaur argi eta garbi ikusten da burujabetzaren zein independentziaren aldeko indarrak aldaketa politikoaren eta trantsizio berri baterako oinarriak jartzeko erabakigarriak izango direla. Inolako muga zein hipoteka gabe euskal jendartearen borondate demokratikoaren garapenerako zoru komuna izan behar dute oinarri horiek.

Ezker Abertzalearen iritziz, atzo independentistek eta soberanistak jasoriko emaitzek azken bi urteotan garatzen ari garen apustu politikoari babesa eta zilegitasun are handiagoa ematen diote. Agertoki berri baten aldeko apustua; pertsona guztien eskubide guztiak aitortuak eta errespetatuak izango diren eta proiektu politiko guztiak gauzagarriak izango diren marko demokratikoa eratzera eramango gaituen prozesu demokratikoa garatzearen aldeko apustua; proiektu politiko guztien garapenerako, guk defendatzen dugun independentista eta sozialista barne, tope bakarra herritarren borondate askea izango den markoaren aldeko apustua.

Ezker Abertzalearen apustu politikoak giro politiko berri bat sortzea ahalbidetu du; arlo ezberdinetan aliantza estrategikoak eta indar metaketak gauzatzea ahalbidetu du, gutxieneko demokratikoen aldarrikapenetik independentziaren aldeko indar metaketaraino.

Hauteskunde hauetatik, lorturiko emaitzetatik eta azken hilabeteetako urratsen ostean eratu den testuinguru politikotik honako ondorio ateratzen du Ezker Abertzaleak: Martxan den aldaketa instituzionaletik harago, atzo aldaketa askoz sakonago bat jarri zen abian. Atzo argi eta garbi ikusi zen aldaketa politiko eta sozialaren aldeko gehiengo sozialak eratzea posible dela. Atzo Bilduk metaturiko indarra eta energiak indar geldiezina sortzen dute Ezker Abertzalearen iritziz.

Maiatzaren 22a beraz, Europan Euskal Estatua eratzeko erreferentzia estrategikoari begirako beste geltoki bat da. Saihestezineko hurrengo geltoki bat duen bidaia: Prozesu demokratikoa. Herritar ororen eskubide zibil eta politikoak bermatuko dituen indarkeriarik gabeko eta normalizazio politikoko agertokia eraikitzeko prozesu demokratikoa.

Ezinbestekoak diren adostasun demokratiko barneratzaileak lortzeko elkarrizketa eta negoziazio guneak eratzea ahalbidetuko dituen prozesu demokratikoa.

Zentzu horretan, gaur abiatzen dugun fase politiko berriak aukera berdintasunean sektore politiko guztien parte hartzea behar duela deritzogu. Ondorioz, Sorturen legalizazioa hurrengo urratsa izan behar du, gure herriaren normalizazio politikoaren bidean. Era berean, mugimendu independentistaren aurkako errepresio orok eten egin behar du. Horrela, Estatu espainiar eta frantziarrari dei egiten diegu urgentziaz Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren kontra gauzatzen duen espetxe politika kriminala bertan behera utzi dezan. Gure iritziz, maiatzak 22ko emaitzek politika errepresiboaren finikitoa exijitzen dute, maila guztietan. Horregatik, Ezker Abertzaleak dei egiten dio eragile orori gaurtik gure herrian irekiriko aro berriaren egonkortze eta garapenean inplikatzeko, eskubide eta askatasun osoko eta ideia eta proiektuen konfrontazio askeko agertoki demokratikoa guztion artean eraikitzeko.

Zentzu horretan, Espainiako gobernuari zein klase politikoari irekitako aukera probesteko deia egiten diegu; hain zuzen ere, gatazka politikoari konponbide integrala emateko bidea egitera dei egiten diegu; BAKEA eta konponbide demokratikoa eraikitzera dei egiten diegu.

Berriro diogu:
· Sortu legeztatua izan behar da, Euskal Herriaren eta dagokion erabakitze eskubidearen aitortza ekarriko duen elkarrizketa dinamikari ekin ahal izateko.
· Espetxe politikaren erabateko aldaketa eman beharra dago.
· Egiaztatze batzordea abian jarri beharra dago, Estatu espainiar eta frantziarraren inolako oztopatzerik gabe.
· ETA eta Gobernu espainiarraren artean gatazkaren ondorioei ekiteko elkarrizketak abiatu beharko lituzkete, euskal preso eta iheslari politikoak ahalik eta azkarren etxean izan daitezen.

Ezker Abertzaleak, bere aldetik, irekiriko bidea egiteko bere konpromiso eta ilusioa berritzen ditu, eta euskal jendarte osoa animatzen dugun Euskal Herrian demokrazia politiko eta sozial berri bat eratzeko egiazko motor eratzailea izan dadin.

nota en castellano

No hay comentarios: