viernes, 3 de septiembre de 2010

ADIERAZI EH!

ADIERAZI EH! Eskubide Zibil eta Politikoen aldeko Ekimen Herritar honetan biltzen garenok euskal herritarrak gara. Sektore eta eremu ezberdinak ordezkatzen ditugu guk. Jarduera soziala, kulturala, sindikala, politikoa, akademikoa zein kirol jarduera burutzen dugu. Esan beharra tristea izanik ere, gure jarduera modu garden eta publikoan burutzen dugula gogora ekarri behar dugu. Eskubide politiko eta zibil oinarrizkoenek babesturiko honako jarduera, hemen bildu garenon artean ikuspegi ezberdinez burutu izan dugu ordea. Askotan sakoneko ñabardurekin.
Honenbestez, ez gaitu errealitatearekiko ikuspegi bakarrak batzen. Ez eta jarduera publiko berbera partekatzeak ere. Bai ordea, gure jarduera premiazkoa ulertzeak edo bederen, inolako zilegitasunik gabe ezindu ezin daitekeela jakiteak.
Ideia eta jarduera horiek burura eramateagatik izan gara hain zuzen ere hemen gauden batzuk atxilotuak eta espetxean sartuak. Hainbatetan gainera, toleragarriaren maila aski gainditu duen tratua jasan behar izan dugu. Epaileak eta epaimahaiak izan, fiskalak edo eskuin muturreko elkarte edo sindikatuak izan, guztiak ere guretzat ezezagunak eta arrotzak izanik ere, auzipetu egin gaituzte, eta ez buru eta ez hanka dituzten salaketen ondorioz Inkisizioko prozedurak ezarri dizkigute.
Argi geratu da ez gintuztela ezagutzen. Ez gu, ez eta gure xede eta jarduerak ere. Hala ere, gu epaitzeko ausardia izan dute. Euskal Herritik urrun, ehunka, milaka kilometrora diren organoak izan dira, justiziaren goiburuz aritu direnak. Errealitatetik ezin urrunago, alegia. Alabaina, hemen aurkitzen garenotatik askok, espetxe zigor luzeak pairatu ditugu prozesu hauen ondorioz. Beste asko, orain ari dira halako zigorrak betetzen.
Azkenik, ADIERAZI EH Ekimen Herritar honetan parte hartzen dugun beste batzuek ez dugu zitalkeria hori zuzenean jasan. Baina horrek ez du esan nahi gurekin zerikusirik ez duenik. Askatasunak murrizteko estatuak jarraitzen duen bidea ez da mugatu pertsona zehatz batzuk zigortzera edo elkarte, talde eta alderdi batzuk legez kanpo jartzera, egunkari eta irrati batzuk ixtera, edo jarduera batzuk bertan behera uztera. Hori guztia aski larria izanik, horretaz gain zentsura inposatzeko eta zuzenak diren aldarrikapenak ezkutarazteko ere balio izan du. Gizarte honetan sektore askok eta askok konpartitzen dituzten aldarrikapenak susmopean kokatu ditu. Ehunka eta milaka lagun biltzen dituzten ekitaldiak eta mobilizazioak debekatzeko aitzakia izan da. Ideiak eta proiektu politikoak libreki ibil daitezen galarazi du. Gaur egungo instituzioen osaketa desitxuratu du. Funtsean, Euskal Herriko bizitza politiko eta sozialean, parte hartze politiko eta demokratikoan eragin itzela izan du, Euskal Herriaren oraina eta etorkizuna baldintzatuz.
Azken batean, eskubide politikoen ukapenak eragin maila ezberdinak izan ditu gure artean, gutariko bakoitza modu ezberdin batean kolpatu du. Baina halere, hemen gauden guzti-guztiok egoera horren parte sentitzen gara, egoeraz kezkatuta, egoerak laidotuta. Sarri askotan esan dugu egoera hori gainditu beharra dagoela, inolako berandutza edo aitzakiarik gabe. Egoera iraultzeko unea oraintxe dela diogu. Hau da bultzatzen duguna: Eksubide zibil eta politiko guztiak guztientzako, behin betirako, modu positibo eta kolektibo batean.
Guk bezala oinarri-oinarrizko eskubide zibil eta politikoen murriztapen zitalaren aurrean kezka sentitzen duten pertsona guztiei dei egiten diegu. Euskal gizarteari dei egiten diogu, piz dadila, jazar dadila.

No hay comentarios: