Pentsionisten eta sektore publikoan aritzen diren langileen kontrako erasoaren ostean, hurrengo murrizketa sozialak osasungintza publikoa du jomuga. Ekainaren 19tik aurrera Bilbon larunbatetan zabalik dauden anbulatorioen erdia baino gehiago itxiko dute.
Aurreko larunbata arte goizeko 9etaik arratsaldeko 2ak arte zabalik zeunden 20 anbulatoriotik 11n ateak itxita egongo dira. Bolueta, Uribarri, Abusu, Otxarkoaga, San Adrian, San Ignazio, Santutxu edota Zurbaran, erdigunetik urrun dauden auzo jendetsuak, zerbitzu publikorik gabe geldituko dira larunbatetan.
Anbulatorioen itxierak aipatutako auzoetako biztanleak ohikoa ez den zentro batera joatera derrigortuko ditu, adinekoei eta seme-alabak dituzten familiei eragozpen ugari eraginez. Hau gutxi balitz, zabalik gelditzen diren bederatzi bakan horiek gainezka egotea gerta liteke, Bilbok duen 350.000 biztanleen balizko eskaera bere gain hartu beharko dute eta.
Langileriari gerrikoa gero eta gehiago estutzen diguten bitartean eta murrizketa sozialak ezartzen dizkiguten bitartean, Bilbon bertan beharrezkoak ez diren inaugurazioak eta itzelezko proiektuen lehenengo harriak jartzeko handikeriaz beteriko ekitaldiak biderkatzen dira. Lotsagarria, benetan.
Maiatzean Alondegi zentro elitista zabaldu berri zuten eta bertan zergadun guztion 75 miloi euro xahutu direla jakin genuen. Hortik gutxira, instituzio desberdinetako buruak ukondoka ibili ziren euren artean San Mames Barriaren obren inaugurazioan ea nor agertzen zen lehenengo lerroan. Aipatutako honetan, publikoak diren beste 175 milioi euro xahutuko dute. Eta Shangaiko Nazioarteko Erakusketan beste milioi eta erdi euro xahututa.
Hau gutxi balitz, anbulatorioak itxiko dituen administrazio berberak, Lakuak, hain zuzen, hamar milioi euro (4.790 euro zergaduneko) xahutuko du beharrezkoa ez den eta herritarrek erabiliko ez duten Abiadura Handiko Trena egiteko.
Argi dago osasungintzan bezala, herritarren beharrak asetzeko bestelako arlotan inbertitzeko dirua faltan ez dagoela. Soberan dago, eta soberan ere xahuketa, alde batetik, eta hezkuntza edota osasuna baztertuz handikeriazko azpiegiturak eta eraikuntzak lehenesten dituen edozein administrazioko politikari profesionalak, bestetik. Beste arrazoi bat ekainaren 29ko greba orokorrarekin bat egiteko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario